2020ko uztaila.- Eraikuntza Industriaren Klusterrak (Eraikune) Euskadin BIM metodologia ezartzeari buruzko lehen txostenaren emaitzak aurkeztu ditu (txostena BIM Euskadi Behatokiak egin zuen).
Emaitzetan ikus daitekeenez, 2019an Euskadiko eraikuntza publikoari bideratu zitzaion aurrekontuaren % 11,42 “BIM metodologiarekin” egin zen; hau da, eraikuntzaren industriaren sektoreko balio-kate osoa biltzen duen eredu digital batean oinarrituriko lan-eredu batekin. Guztira egin diren 167 proiektuetatik 15 metodologia horrekin egin dira, ildo horien pean.
BIM Euskadi Behatokia autonomia-erkidego batean sorturiko lehenengoa izan da, eta 2018an sorturiko BIM Euskadi Batzordearen tresna izateko jaio zen, metodologia hori eskualdeko eraikuntzan eta obra zibilean (obra publiko nahiz publikoan) neurtzeko, ikusgai egiteko eta sustatzeko helburuz.
Lehen txosten horretan, zeina Eraikunek eta North BIMek egin duten eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntza jaso duen, 2019ko eraikuntza publikoari buruzko datuak aztertu dira, eta urteko azterlanen sekuentzia abiatu da horrela, metodologiaren jarraipena eta ezarpena egiteko. Analisi horri, eraikuntzaren alderdi pribatuari buruzko datuak eta obra zibil publiko nahiz pribatuari buruzkoak txertatuko zaizkio, eraikuntza-jarduera guztien gaineko ikuspegi osoa edukitzeko.
2019ko DATUAK
Eraikuntza-proiektuaren faseen arabera, obra-egikaritzeak, diseinuak eta zuzendaritzak izan dituzte BIM metodologiarekin egindako proiektu gehien (seina); gero, nahiko urrutira, diseinua, obra-zuzendaritza eta laguntza teknikoa daude (bana), eta ustiapena eta mantentze-lanak, giltza eskura eta BIM ereduen sorkuntza faseek ez dute proiekturik izan.
Eraikuntza-tipologiaren arabera, ekipamenduen inguruko proiektuek erabili dute gehien metodologia (6), eta, gero, etxebizitza (4), industria (3) eta hirigintza (2) datoz.
Lurraldeen arabera, Bizkaian egin da lan gehien metodologia horrekin (lizitatu diren 5 eurotik ia 1ean); hau da, lizitazioen guztizko aurrekontuaren ia % 15 metodo horrekin babestu da. Atzetik Gipuzkoa dator, guztizko aurrekontuaren % 6,5ekin, eta, azkenik, Araba, oraindik ez baitu parametro horiekin lizitaziorik egin.
Lizitazio-erakundeen arabera, BIM sistemaren alde gehien egin dutenak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saila eta Sprilur izan dira.
Metodologia hori txertatu duten proiektuei dagokienez, % 31k soilik jasotzen du berariazko partida bat pleguaren barruan, horretarako aurrekontu batekin.